Durangaldeko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateek lan baldintzak hobetzeko greba babestu dute

Anboto 2025ko mai. 9a, 14:01

Besteak beste, Zaldibarko hezkuntza komunitateak adierazi du atxikimendua.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako irakasleak greba egitera deituta daude. Lanuzteak maiatzaren 12tik 16ra egingo dituzte. 

Durangaldeko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateek atxikimendua adierazi diete irakasleei, datozen egunetako mobilizazioak direla eta. Batetik, bihar Bilbon egitekoa den manifestaziora joatera deitu dute. Protestak 18:00etan irtengo du Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzatik (Kale Nagusia, 85). Bestetik, bat egin dute datorren asteko greba deialdiarekin. Lanuzteak maiatzaren 12tik 16ra egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako irakasleek.

Eskakizunak

Irakasleek diotenez, lan-zamak "gero eta handiagoak" dira, eta horiek arintzeko "neurri zehaktzak" eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari. Era berean, "erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea" eskatuko dute. Halaber, "galdutako erosahalmena berreskuratzea" ere badute helburu. Aldarrikapenen beste ardatz bat "enplegu publikoa bermatzea" da, "aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren" aurrean. 

Lanuztearekin bat egin duten sindikatuak Steilas, LAB, ELA eta CCOO dira. Diotenez, "% 90etik gorako ordezkaritza" dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!

OSZAR »