23. Korrikagaz batera hasi zineten elkarregaz bidea egiten.
Asier Bilbao: Ikastetxeeetik kalejiran jaitsi ondoren, Herriko Plazan ekitaldi labur eta xume bat egin genuen elkarregaz, gero Korrikagaz bat eginez.
Zaloa Ibeas: Oso erantzun polita izan zen eta zapore gozoagaz amaitu genuen. Horrela eman genituen lehenengo pausoak. Denok genuen euskaragazko ardura, zelan bultzatu euskara hezkuntza komunitatean.
A.B.: Ume bakoitza zentro batean egon arren, herria denen eremua da, eta euskara denok biltzen gaituen edo bildu gaitzakeen elementua.
Euskararen erabileran eragitea duzue helburu nagusi?
Z.I.: Erabilera bultzatzea eta kontzientzia sortzea, norabide bitan. Batetik, bakoitzak bere ikastetxean hori guzti hori elikatzen jarraitzeko aukera ematen digu, zelanbait hezkuntza komunitatea saretuz. Garrantzitsua delako ikastetxe bakoitzak bere dinamikak eta ekintzak aurrera eramatea. Bestetik, ikuspegi bateratu batetik ere eman dezakegu bultzada. Uste dugu ikastetxeetatik harago ere badugula ardura bat, herri mailan.
A.B.: Osterantzean, zeozer akademikoa dela ematen du, espazio konkretu batera mugaturikoa. Ate horiek zabaldu behar dira eta leku berriak inbaditu.
Zelakoa da euskararen erabilera Zornotzan?
A.B.: Sentsazio kontrajarria sortzen zait. 10 urtean tendentzia negatiboa izan delakoan nago, baina azken datuek diote euskararen kale erabilera igo egin dela. Baliteke euskaldunok atentzio gehiago ipintzea datu negatiboei berez sortzen diren loratxo horiei baino.
Z.I.: Gazteen artean eta guraso gazteen artean igo ei da euskararen erabilera. Dena dela, Asierregaz bat nator. Orokorrean egoera ez da gura genukeen besteko ona, zoritxarrez.
Premiazkoa da lanean jarraitzea.
A.B.: Datuak ez dira onak, orain artekoak baino hobeak baino. Presioa egin ezean atzerantz egingo dugu. Euskarak geroago eta esparru gutxiago betetzen du. Beraz, espazioak sortu behar dira. Adibidez, Interneten euskara presente dago, baina, gaztelaniagaz edo ingelesagaz alderatuz gero, presentzia txikia du. Kanpotik modu jarraitu eta aktiboan hauspotu ezean, esparruak galtzen joatea izango da joera.
Z.I.: Gaur egun badugu abantaila bat. Gure esparruari dagokionez, ezin dugu arazoaren muina ezagutzan kokatu. Gaztetxoek eta umeek badakite euskaraz, eta Zornotzan D eredua baino ez dugu. Ba, datorren erronka handia da: oinarri bat badugu, ezagutza bat badago, zer egin erabileran igarri dadin? Zelan sortu herri euskaldun bat zeinetan benetan ehuneko ehunean euskaraz bizitzeko aukera egongo den? Badago indargune bat: ezagutza maila. Dena dela, batzuetan hizkuntzaren ezagutzak ez du erabilera bermatzen. Hor eragin behar dugu.
Euskaraldia tresna aproposa izan daiteke horretarako.
A.B.: Bai. Euskara elkarrizketagai hartzen du, gainera. Batzuetan gaiari buruz berba egite hutsa ere positiboa da. Ez gara bakarrik ekimenean parte hartuko duten pertsonez ari; kanpotik bada ere, beste askok ere ikusiko dute. Moduren batean, ausartagoak izateko aitzakia sortu daiteke. Zalantzarik barik, sistema bat ez da mugituko eragin ezean. Egiten ez dena ez doa inora. Egiten den guztiak batu egiten du. Kimika txikiak, ezagutza, sare berriak eta abar sortzen dira beti.
Z.I.: Egitasmo guztiak ondo etorriak dira, beti dira lagungarriak. Kontua da ez dadila geratu lantzean behingo zeozer lez. Ekimenak gorpuztu egin behar dira, bitarteko gehiagogaz, oso gauza sinboliko eta folklorikoa bihurtzeko arriskua dagoelako.
Euskaraldiaren barruan egin duzue hurrengo hitzordua, maiatzaren 17an.
Z.I.: Bai, euskararen aldeko ginkana erraldoia antolatu dugu. Ia 300 umek eman dute izena, eta herri osora zabalduko den jarduera izango da. Egun polita izango dela uste dugu eta herria kolorez jantziko dugu.
Aurreikusi duzue beste ekintzarik?
Z. I.: Ginkana amaitzean, datorren ikasturte hasierarako prestatuko dugun ekitaldian parte hartzera deituko dugu. Oraingoz, sorpresa gordeko dugu.
Euskaraldia amaituta, lanean jarraituko duzue. Zein da erronka?
A.B.: Egunik egun joango gara bidea egiten.
Z.I.: Indarrak neurtu behar ditugu. Ginkana antolatzeak lan handia suposatu digu; 90 bat boluntario egongo dira lanean. Inertzia positiboak sortzen badira eta engranajeak funtzionatzen badu, erronka euskaraz bizitzea izango litzake. Epe laburrera, hekuntza komunitatea honen bueltan saretzea ere bai.
Euskararen ginkana erraldoia
Jolasa eta euskara uztartuta, 4tik 17 urtera arteko 300 bat ume eta gazte batuko ditu euskararen aldeko ginkana erraldoiak, maiatzaren 17an, Zornotzan. Zubiondoko plazan hasiko da, 10:30ean, eta bi-hiru ordu iraungo du. Herrian zehar bost gune egokitu dituzte eta bakoitzean beste horrenbeste proba beteko dituzte mezu sekretua argitu arte. Adinaren arabera banatuta, bost laguneko taldetan parte hartuko dute. Umeek helduren bategaz joan beharko dutenez, gutxienez 600 bat lagun elkartzea aurreikusi dute. Ginkanan parte hartzeko aukerarik ez dutenentzat tailerrak egongo dira Zelaietan.